XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lizardik aspaldi erantzun zien holako planteamenduei: Bada nik, (jaun oiek astotzat joko banaute ere), naiago det ibai txiki izan, baña ene urak neronek itsasora eramateko jabe; ta ez nere izena ta nere izana galdu, ibai aziago bati nere burua eman bearrez

Hobsbawm eta bere moldekoek irteerarik gabe uzten dituzte estaturik gabeko herriak.

Abertzaleen estatu-eskariak gaitzesten dituzte gaur egun egitura hori gaindituta edo gainditze bidean dagoela esanez.

Baina bestetik errealitatea zera da, munduan estatuei baino ez zaiela subjektu-izaera ezagutzen.

Estatu txiki batek beti edukiko du botere handiagoa menpeko eskualde autonomo handi batek baino: Andorra hogeita hamar mila biztanlerekin norbait da Nazio Batuetan; Espainiapeko Katalunia sei milioi biztanlerekin inor ere ez.

Baliteke estatua zaharkiturik egotea, baina oraingoz ez dago nazioen arteko berdintasuna bermatuko duen egitura alternatiborik.

Hobsbawm berak aitortzen du Estatuen zeregina, bere ustez, mantendu eta areagotu ere egingo dela etorkizunean.

Hortaz ondoriozta genezake Estatu propio baten errebindikazioak zentzuzkoa izaten segitzen duela eta segituko duela.

Eta hala ere nazionalismoen aldia amaierara heldu dela esaten zaigu behin eta berriro. Tesi hori baina, jarrera ideologiko bat da, printzipio-eskari bat. Nork dio estatu berririk sortu behar ez denik? Historiak? Berezko patu batek? Determinismo metafisikoak esan behar al digu zer egin behar dugun? Geure etorkizuna geure eskuetatik kendu eta interes etereoen menpe jartzen dutenek pertsonen adingabetasuna defendatzen dute.

Erlijioen inposaketak gainditu ditugunean, jainko berriak bihurtu ote dira merkatua, globalizazioa, postnazionalismoa, kapitalismoa eta beste, gure borondatearen gainetik egoteko? Pertsonok eta kulturak Estatuen zerbitzari izan behar ote dugu, ala Estatuak egon behar du pertsonen eta kulturen zerbitzuan? Bada garaia pertsonak subjektu historiko bihurtzeko eta geure geroa geronek erabakitzeko.

Euskal Herria ez da nazio izatera aurredeterminaturik egon; ezta nazio ez izatera kondenaturik egon ere.

Euskal nazio proiektuaren agerrera, bilakaera historiko konplexu baten fruitu izan da, munduko gainerako nazioena bezalaxe.

Nazio horrek edo beste edozein naziok hartuko duen forma ez dago aurretiaz erabakita.

Aukerak anitzak dira: espainiar estatu federal plurinazional baten baitan gera daiteke, edo errepublika euskaldun burujabe bihurtu, edo Euzkadi erdaldun subiranoa izan, edo Nafar monarkia plurikultural batean gauzatu, edo...

Herri bakoitzaren geroa irekia da. Berak izan nahi duena izan daiteke. Biztanleek beren kultur ondarea berreginez, imajinatu nahi duten herria eraikitzea, etorkizuna askatasun eta demokrazian sortzea da.

Biztanle horiei beren geroa estatu aparatuek ezartzea, aldiz, inposaketa.

Gizakiok askeak bagara geure bilakaera hautatzeko, maila kolektiboan ere eskubide berbera izan behar dugu.

Geure izaera hizkuntza, tradizio eta kontzientzia kolektiboa eguneratuz, egokituz eta birlanduz organismo sozial bat bizirik eta eboluzioan mantentzen dugu: nazioa.